Ongi etorri nire blogera!!!

2014(e)ko abenduaren 24(a), asteazkena

IKT ikasgaiari buruzko azken hausnarketa

Iritsi da hemen ere bukaera, hasten den guztia bukatu egin behar izaten baita!

Irakasgai honekin hasi ginenean, aurreko urteetan gure bizitzan zehar ikasten joandakoarekin  hazi txikitxo bat landatuta geneukan gure barnean, eta apurka apurka, lauhilabetea aurrera joan den heinean nire hazia ernetzen eta hazten zebilela ohartu naiz. Bai saio teoriko zein praktikoei esker hainbat ezagutza barneratu ditugu eta azkenera iritsi garenerako hasierako hazia loratuta daukat.

http://percybal.files.wordpress.com/2008/11/ict.jpg

Saio teorikoak aurkezpenen bidez irakasteak ohiko metodologia jarraitzen ez duen arren oso metodo interesgarria iruditu zait, modu horretara arreta eta interes gehiago jarri diogulako irakasgaiari, talde gehienak horretan saiatu baitira.



Saio praktikoak ordenagailu gelan egiten genituenez eta gauza ezberdinak probatzen eta erabiltzen aritu garenez oso aktiboak izan dira eta baita baliagarriak ere, gure etorkizuneko irakasle lanbidean erabiltzeko oso lagungarriak izango direlako. Horrez gain, oso entretenigarriak izan dira eta ikasten nuen bitartean ondo pasatu dut.

Blogarena ere oso ideia ona izan da. Hau erabiltzen ikastea oso baliagarria izan da guretzat, bai gure edozein beharretarako erabili dezakegulako eta baita irakasle bezala gure ikasleekin erabiltzeko ere. Bertan, astero hausnarketa bat egiteak edukiak barneratzen eta ikasgai honetan emandakoaren alderdi positibo eta negatiboak bereizten lagundu digu.

Hau guztia kontuan hartuta, argi dago era honetara lan egitea atsegina izan dela eta asko ikasi dudala, nire ezagutza asko handitu da prozesuan zehar; ondorioz, pozik nago ikasgai eta irakasle hau eduki izanaz. 
http://www3.gobiernodecanarias.org/medusa/
ecoescuela/wp-content/uploads/2011/05/EducarTIC1.png
Azkenik, zuoi, irakurleoi ere agur bero bat! Eta aholku bat, IKT arloan zuen formakuntza inoiz ez eteteko. Hauek etengabe doaz aurrerantz eta uneoro gauza berriak asmatzen dituzte; beraz, batez ere ni bezala irakasle izateko asmoz bazaudete, IKTak kontrolatu beharko ditugu, gure haurrek, agian, gu baino gehiago jakingo baitute hauen inguruan.




Ondo segi eta beste bat arte! Bloga ez baita hemen bukatzen, arlo honen inguruan nire ezagutza handitzen doan heinean blog hau ere betetzen joango baita!

2014(e)ko abenduaren 19(a), ostirala

Azken asteari etekina ateratzen...

Iritsi da lauhilabete honetako azken astea!
Beraz, gaur IKT ikasgaiko azken saio teorikoa izan dugu. Astero legez aurkezpenak egin behar izan ditugu, gaur hiru egin ditugu eta horietako bat gurea izan da.
Lehenengo taldekoek PLE eta MOOC (Online ikastaroa)-ari buruz hitz egin dute. Aurretik ere kontzeptu hauek azaldu ditudanez, ez naiz askorik luzatuko. MOOCari buruz esan beharrekoa da, eduki eta espazio mugagabea duela eta erabiltzeko erraza dela. Gainera, Internetetik materiala hartzea nahiko erraza da, oso eskuragarri baitugu.
Ondorengo aurkezpena besteetatik oso desberdina izan da, Power Pointa erabiliz ¿Quién quiere ser millonario? telesaila imitatu baitute. Horren bidez eta Hot potatoes, aurreko astean ikasitako programaren bidez, ariketa eta galdera ezberdinak prestatu dituzte, entzuleei parte hartzera gonbidatuz. Era honetara, eta jendeak emandako erantzunak kontuan izanez ondoren aipatuko ditudan zenbait gai azaldu dituzte.
Hasteko, gizarte aldaketak hezkuntzan gutxi isladatzen direla azaldu dute, eta ez litzatekeela horrela izan beharko, hezkuntzan horiek eragina izan behar dute. Bestetik, gaur egun kultura multimodala daukagula azadu dute, formatu eta hizkuntza ezberdinak, teknologia ezberdinak eta euskarri ezberdinak erabiltzen ditugulako. Lau alfabetatze berriri buruz ere hitz egin digute: audiobisuala, digitala, informazionala eta alfabetatze anitza.
Horrez gain, eskoletan IKTak erabiltzearen helburua erabiltzaile kontziente eta kritikoak heztea dela azaldu dute. Gainera, horiek ikasle bakoitzari bere errimtora lan egiteko aukera ematen diotela ere komentatu dute; baita ikasleek eskolan nahiz etxean erabili ahal dituztela eta horrek abantaila asko dituela. Modu honetara, aurkezpena erakargarriagoa izatea egin dute eta baita jendeak arreta gehiago jartzea ere. Ideia ona izan da eskolan irakasle bezala erabiltzeko ere.

Irakasgai honetako azken aurkezpena gurea izan da. Erakargarriago izateko, ikaskideei programa berriak erakusteko eta aurkezpenak egiteko erabiltzen ditugun ohiko programetatik ezberdina den bat erabiltzeko asmoz, Emaze erabili dugu. Hemen daukazue gure aurkezpena:
Powered by emaze

IKTak gaur egungo eskoletan izan da gure gaia eta Area. M. (2009). La competencia digital e informacional. Santander: UIMP-tik atera dugu informazioa. IKTak eta berrikuntza, hezkuntza ereduak eta dekalogoari buruz hitz egin dugu eta amaieran hausnarketa bat egin dugu teknologia eta testu inprimatuei buruz gure iritzia emanez.
Azaldu dugun guztitik niretzat ideia nabarmenenak hauek izan dira:
  • Eskoletan garrantzitsuena pedagogia dela eta ez teknologia, hau da, helburua beti izango da haurrak heztea.
  • Eskoletan IKTak erabiltzerakoan lana planifikatuta izatea beharrezkoa dela, hau da, hauek erabiltzen ari garen guztietan askatasunez jarduten uzten badiegu kaosa sortuko dela ikasgelan.
Aurkezpenarekin bukatzeko, talde bezala egin dugun teknologia berriei eta testu inprimatuei buruzko hausnarketan bi hauek erabiltzea oso aberasgarria dela azaldu dugu. Garrantzitsua da teknologia berriak erabili arren, haurrek paper inprimatuan lan egiten  jakitea. 

Beraz, gaurko azalpenekin IKT-ko klase magistralak bukatu ditugu.

Aste honetako saio praktikoak oso dibertigarriak iruditu zaizkit. Hasteko, mugikorrei buruz aritu gara hizketan, guk mugikorren inguruan genekizkien gauza bitxiak ikaskideei irakatsi dizkiegu. Clean master (mugikorreko memoriatik dena guztiz ezabatzen duen programa), Metro Bilbao (metroaren inguruko informazioa eskuratzekoa)... hainbat eta hainbat aplikazioa daudela ohartu gara.

Bide beretik, irakasleak QR (Quick Response) -ri buruz hitz egin digu. Kode baten bezalakoa da, erakusketetan, arropetan eta beste hainbat lekutan aurki dezakeguna. Mugikorrean horrekin lotutako aplikazioa badaukazu, mobila horren aurrean jarri eta irakurri egiten du; horrela, arropa, museo, bolg edo kodea kokatuta dagoen tokia eta inguruari buruzko informazioa ematen dizu, web orri horretara eramanez. Hori horrela izanik eta probatu ahal izateko, Unitagen sartu eta gure blogaren QRa egin dugu. Ikus dezakezuenez, blogaren azpaildean dago eta mugikorra horren aurrean jarriz gero nire blogera eramaten zaitu QRak. Telefono mobilaren bidez QRa irakurri ahal izateko Lector QR aplikazioa jaitsi behar da.

Oso interesgarria izan da horren berri izatea, gure inguruan hainbat lekutan ikus daitezkeelako halakoak. Horrenbestez, nire ustez, argi dago gure bizitza pertsonalerako dela eta ez haurrekin erabiltzeko, agian gure ikasle askok mugikorrak ere ez dituztelako izango.
http://www.banrepcultural.org/sites/default/files/field_artista/ola-invernal.jpg
Ondoren, infografiei buruz hizketan aritu gara, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailan lantzeko oso praktikoa baita. Irakasleak azaldu digu informazio ugari, askotan grafiko bidez, ematen duen kartel bat dela egunkarietan adibidez asko erabiltzen dena. 
Infografiak egiteko programarik erabiliena Easely da, erabiltzeko erraza baita eta hamar hamabi urteko haurrek erabili dezaketelako. Hori probatzeko, geuk ere gure infografia sortu dugu: Janari osasuntsua
Blogaren egilearena
Wordleri buruz ere hitz egin dugu. Hitzez osatutako irudi bat da; horrenbestez, definizio teoriko bat eman ordez, hitzak ematen dizkigu guk definizioa eraiki dezkegun. Haurrentzat oso entretenigarria delakoan nago. Horretarako, Tagxedo ere badaukagu, baina honek aukera gehiago ematen dizkigu. Hona hemen azken hau erabiliz sortutako infografiak: http://www.tagxedo.com/gallery.html

Zooburst ere aipatzekoa da, 3D erara lan egiten baitu. Haurrentzat era honetara lan egitea oso erakargarria izaten da eta asko laguntzen die gauza berriak ulertzen. Gainera, halakoekin arreta gehiago jartzen dute.

ColAR programa ere ezin dezakegu aipatu gabe utzi, azkenaldian gero eta gehiago erabiltzen baita haurren artean. Honetan irudi batzuk inprimatu eta haurrei horiek margotzeko aukera ematen zaie. Margotzen bukatu dutenean, argazkia ateratzen zaio egindakoari eta programak 3D erara jartzen du beraiek sortutako marrazkia. Umeentzako haiek margotutako irudia 3D erara ikusi ahal izatea sinesgarria da eta asko disfrutatzen dute. Niri ere izugarri gustatu zait eta harrigarria iruditu zait!

Azken saio praktikorako irakasleak oso ideia polita izan duela uste dut. Modulu lanerako egin behar izan ditugun bideoak aurkeztu dituzte bere gidaritzan zeuden ikasleek. Horiek ikustea eta galderak egitea oso interesgarria eta aberasgarria izan da teknika berriak barneratzeko, haien lana baloratzeko eta hobetu beharko litzatekeenaz hausnartzeko.
Gainera, gure bideoa erakusteko eskatu diogu irakasleari. Badakigu zenbait akats badituela, adibidez zati batzuetan soinua ez dela ondo entzuten, baina ez gara profesionalak! 
Hala ere, lan eta esfortzu handia egin dugunez, gure kideei erakutsi nahi izan diegu, oso harro baikaude lortutakoaz. Kontuan izanda bideo bat grabatzen genuen lehen aldia zela eta geure kabuz, profesionalen laguntzarik gabe egin dugula ezin hobeto dagoelakoan gaude! Gure lanak merezi izan du eta pozik gaude!
Patxi Bizkaiko ondareak ezagutzen izenburua jarri diogu lanari eta hementxe daukazue ikusi nahi baduzue. 




Beraz, hauxe izan da azken astea, asko ikasi dugu eta pozik gaude arlo honetan pixkanaka pixkanaka aurrera egin  dugulako!
Beste bat arte!

2014(e)ko abenduaren 12(a), ostirala

Azken txanpan!

Modulu astearen ondoren, bueltan gatoz berriro ere!
Bagoaz aurrera pixkanaka pixkanaka, laster klaseekin ere amaituko dugu eta!

Oraingoan ere, astero legez saio magistraleko aurkezpenekin eman diogu hasiera asteari.
Lehenengo aurkezpenean, Web 2.0 ri buruz hitz egin dute. Aurreko saioren baten ere aipatu dugun moduan, informazioa elkarbanatzeko, hartzeko, erabiltzeko eta erraztasunez nabigatzeko aukera ematen du.
Egia da oso erabilia dela, sarean sartzen garen eta edukiak elkarbanatzen ditugun guztiok protagonistak baikara, hau da, kontsumitzaile edo sortzaile izan gaitezke; dena den, alderdi negatiboak ere baditu, Interneta izatea derrigorrezkoa dela, adibidez.
Horrekin lotuta, esan beharra dago, hauek argitaratzeko aukera ezberdinak ditugula: kolaboratiboa, zeharkakoa (adibidez Youtuben gehien ikusitako bideoen zerrenda agertzen denean), instrumentala (Wikipedia kasurako) eta baita baliabide eta helburu bezala (sare sozialak adibidez). Ondorioz, oso baliagarria eta erabilgarria da.
Hori dela eta, adituak, Web 3.0 ra abiatzen ari dira gaur egun, eraginkorragoa izateko asmoz eta 3Dko ikuspegia emateko asmoz. Informazioaren kontrol segurtasun gehiago eskainiko digun arren, oraindik horra heltzeko bide luzea egiteko daukagula  uste dut.

Bigarren aurkezpena, aldiz, E learningari buruzkoa izan da. Irakaskuntza birtuala da, hau da, online hezkuntza, Interneten bidez emandako irakaskuntza prozesua. Irakasle ikasle arteko urruntasun fisikoa egon arren, komunikazioa etengabea da eta ikasleek edozein unetan erabili dezakete.
Honekin lotuta, bi adibide aipatuko ditugu. Moodle, unibertsitate edo goi mailako ikasketetan erabiltzen den sistema; eta bestetik, Educaplay, irakasleek ikasleentzako ariketak jaso edo prestatzen dituzten gunea, ikasleentzako oso erabilgarria dena klasean emandako edukiak ariketen bidez lantzeko.
Ondorioz, eskeman ikus dezakegunez, gaur egun hiru hezkuntza mota ezberdindu behar ditugu:
Bolgaren egilearena
Gure gizarteari erreparatuz gero, argi dago IKTak etorkizuneko irakaskuntza prozesuen oinarria izango direla; hala ere, ziur nago hauek ez dutela inondik inora irakasleen rola ordezkatu behar.
Egia da hainbat abantaila dituztela, hala nola, erosotasuna, autonomia, informazio ugaritasuna, edozein leku eta momentutan erabiltzeko aukera, lan kolaboratiboa bultzatzea, material didaktikoa erraztea, hezkuntza eskaintza egokitua ematea edo eguneratuta egoteko aukera ematen digutela. Hala ere, desabantailak ere baditu: oinarrizko ezagupen batzuk izan behar ditugula, Interneten beharra, sistema tradizionalaren erresistentzia, denbora gehiago eskatzen dutela, sozializazio eza...

Aurkezpenetan esandakoa kontuan izanez, IKTak eskolan sartzea aukera paregabea iruditzen zait. Dena den, zortzi urte baino gutxiagoko haurrek ez lituzketela hauek erabili behar uste dut, haien adinean paperean idazten ikastearekin nahikoa dutela, paperak aukera zabala eskaintzen baitie haurrei; bestela menpekotasuna ere areagotuko litzateke. Horrez gain, IKTen desabantailak kontuan izanda, ez nago hezkuntza ez presentzialaren alde, dena birtuala izatea ez baitut egoki ikusten. Azalpenak emateko irakasle bat egotea beharrezkoa, eta baita haurrekin zuzeneko erlazio bat izateko ere, hori ere oso garrantzitsua baita.

Aste honetako saio praktikoa oso dibertigarria iruditu zait. Hasteko, Hot potatoes programa erabiltzen hasi gara, eta honen bidez ariketak sortu ditugu. Hasieran, erabiltzeko zaila iruditu zitzaidan, ez  bainuen haren funtzionamendua ondo ulertzen; dena den, nola erabili ikasi dudanean, erraza dela frogatu ahal izan dut. Tresna egokia iruditzen zait irakasleek ikasleentzako ariketak prestatu ahal izateko. Ikasleek, ordea ariketa horiek burutuko dituzte, zailegia iruditzen baitzait haurrek ariketak sortzea programa honen bidez.
Adibide bat ikusteko, nik programa honen bidez sortutako ariketa begiratu dezakezue: Euskararen erabilera

Honekin bukatuta, Movie Maker erabiltzen hasi gara, oso interesgarria iruditu zaidana. Kartel bat hartu eta bideo moduan erreproduzitzea lortu behar genuen eta helburura iritsi gara! Hasteko, kartela zati txikietan ebaki dugu eta programa honetan argazki guztiak elkarren atzean jarri eta elkartu ditugu. Hori egin ostean, musika gehitu diogu (kartelaren edukiarekin bat zetorrena) eta argazkien aldaketa musikaren erritmoarekin lotu dugu ondo koordinatu daitezen. Azkenik, efektuak ere sartu dizkiogu politago gera dadin eta bukatzeko, bideo moduan gorde dugu.

Movie Maker erabiltzea oso interesgarria izan da, hainbat gauzatarako balio duelako eta emaitza oso onak atera ditzakegulako bertatik. Gainera, erabiltzeko oso erraza da eta irakasle batek hau kontrolatzea ezinbestekoa izango litzateke ikasleekin, haien argazkiekin, eduki berrien informazio edo argazkiekin edota marrazkiekin bideo bat muntatu nahi badu; askok era bisualean askoz hobeto barneratzen baitituzte edukiak. Esandakoaz gain, modulu lanaren muntaia egiteko ere balio izan digu eta emaitza ona lortu dugulakoan nago, hainbat gauza egiteko aukera ematen baitigu. Bideoan hainbat efektu sartu ahal izan ditugu lanari beste itxura bat eman diotenak.
Hona hemen nik egindako kartel baten bideoa.



Hori alde batera utzita, Podcasta zer den ere ikasi dugu. Artxibo digital bat da, aho korapiloak, ipuinak, asmakizunak, kantak… grabatzeko erabiltzen dena. Horien artean, Poderato aztertzen hasi gara eta nahiz eta oso baliagarria iruditu erabiltzeko ez dela oso erraza ohartu gara, irakasleak nola egin azaldu gabe geure kontura erabiltzen ikastea zaila iruditu baitzait. Hala ere, haurrek audioak grabatu eta irakasleak gidatzen badie egokia eta dibertigarria da eskolarako.

Horrekin bukatu dugu gaurko klasea! Ondorioz, datorren astera arte!! Ondo izan!

2014(e)ko azaroaren 28(a), ostirala

Etorkizunari begirada: Interesgarria irakasle izango garenontzat

Astero legez, saio magistralarekin hasi dugu IKT irakasgaia. Gaurko bi taldeek Interneti buruz hitz egin digute eta hainbat gauzei buruz ohartzeko aukera izan dut.
Hasteko, lehenengo taldeak Interneten arriskuez hitz egin du. Egia da honi esker informazio asko daukagula eskura eta komunikazioa eta bizitzako beste hainbat alderdi errazten dizkigula. Hala ere, hainbat arrisku ditu eta askotan ez gara horietaz ohartzen. Arrisku handiena gaztetxoen artean sumatzen dut.
Internetek hainbat kalte eragin ditzake gizartean (haur pornografia, arrazakeria, indarkeria...) eta gezurreko informazioa ere eman diezaguke gu ohartzen ez garen arren (kasurako ezezagun batekin hitz egiterakoan).
http://www.blogtrw.com/wp-content/uploads/redes-sociales1.jpg
Ohartu beharreko beste faktore bat da Internetek ez duela informazio pribatua babesten, denon eskura dago bertan jarritako informazioa eta enpresek bertako datu guztiak erabili ditzakete; adibidez, sare sozialetan jartzen dugun informazioa.



Gizartean faktore honek eragindako aldaketak direla eta, eskolek zeregin garrantzitsua daukate arlo honetan, ikaslearen ongizatea bermatu behar baitute eta arriskuak kontrolatzen jakin behar baitute. Beraz, ikasleei sarea arduraz erabiltzen irakasteko material didaktikoa sortu da. Safe proiektua. Material hau hizkuntza ezberdinetan dago eta arriskuak gutxitzeko eta monitorizatzeko programak erabiltzea du helburu. Gainera, IEP (Internet segurtasunez erabiltzeko Eskola Politika) prestatu dute eskolan arriskurik gabe sarean ibili ahal izateko.
Egia da, Internetez ematen den hezkuntza beharrezkoa dela, berau bizitza modernoaren funtsezko zatia baita guretzat. Gainera, maila igotzeko, arrakasta sustatzeko, informazioa kudeatzeko... aukera zabala eskaintzen digu tresna honek. Hala ere, irakasleek, nire ustez, hezkuntza mota honetan, ikasleak gidatu beharko lituzkete Interneteko sarbidea haiek erabiltzeko diseinatuta egon dadin eta adinaren araberako iragazteko sistema izan dezan arriskuetatik babesteko; horrez gain, erabilera ere arautu beharko lukete.

Bigarren aurkezpenak, Segurtasuna Interneten izenburua izan du. Hasteko, sareko edukiak ebaluatzen ikasteko estrategia batzuk azaldu dizkigute, askotan ez baitugu kontuan hartzen. Adibidez, Copyrighta errespetatzearena, beraz, informazio iturriak aipatzen irakastea ezinbestekoa da. Ikastetxeak ikasleek legedia kontuan hartzen dutela ziurtatzea ezinbestekoa da.
Aipatutakoaz gain, eskolan web orriak erabiltzen dituztenean informazio pertsonalik ez jartzeko eskatuko zaie haurrei; argazkirik ez jartzeko gurasoen baimenik ez baldin badute, edonork ikus ditzakeelako. Horrekin ciberbullyinga bezalako arazoak ekidingo dira.
Ondorioz, Lehen Hezkuntzan haurrekin Interneta erabiliz gero eta dena ondo kontrolatuta izateko, non sartu eta zer egin behar duten esatea beharrezko ikusten dut, guztion lana baita txikiak babestea. Horretarako, neurriak hartu behar dira eta heziketa nahiz prebentzioa izango dira garrantzitsuenak sarean segurtasunez ibili ahal izateko.

Saio praktikoetan, beste hainbat gauza berri ikasi ditugu. Saioaren hasieran, erretiroa hartuta daukaten emakume talde bat etorri da, berrogei urtez irakaskuntzan lanean ibilitakoak ziren. Pozgarria izan da haien poza eta lanarekiko erakutsi diguten pasioa ikustea, ikasketekin gogoz aurrera jarraitzeko indarra eta motibazioa eman baitidate!
Aste honetako saio praktikoak, irakasle izango garen aldetik, oso baliagarriak iruditu zaizkit, eskura ditugun hainbat baliabide erabili ahal izateko aukera eman baitigute. Hasteko, batez ere, hezkuntzara bideratutako softwareak aztertu ditugu, hezkuntzarako sortuta daudenak eta haurrek eginez ikasteko hainbat ariketa dibertigarri eskaintzen dizkigutenak.
http://apriencia.files.wordpress.com/2011/12/eskola-2-0.jpg

Horien artean, Jclic aztertu dugu lehenik. Egia da erabiltzeko Interneta beharrezkoa dela, baina hainbat irakasgai, adin eta gai ezberdinei buruzko ariketak daude, jolasen bidez ikasteko. Ziur nago, haurrak gusturago ikasiko dutela era honetan eta errazago egingo zaiela. 
Hona hemen bertako ariketa bat: zonaClic - actividades - Gure hortzeria
Ondoren, Educaplay ere aztertu dugu, helburu berarekin sortua da hau ere. Honetan harpidetu eta ariketak sortzeko aukera izan dugu. Irakasleentzat ariketak sortzeko erabilerraza da eta ikasleentzat, aldiz, motibagarria. Beraz, hezkuntzan onurak ekarriko dizkigu, oso gomendagarria da eskoletan erabiltzeko. Hona hemen nik sortutako ariketa: Adjektiboak

Eskola 2.0k eskaintzen dizkigun baliabideak ere aztertu ditugu, bertan, irakasleek esekitako aktibitate ezberdinak daude denon eskura eta baita Recursosparaprofesores izeneko orrian ere, biak oso interesgarriak haurrekin erabiltzeko! 

Horrez gain, Lehen Hezkuntzan, komikiak zein ipuinak asko erabiltzen direnez, Prixton programa aztertzen ibili gara eta komikiren bat ere sortu dugu. Hona hemen nire adibidea (irudian klik eginez gero, komiki guztia irakurri daiteke):

Egia esan, irakasleek erabiltzeko eta ikasleak dibertitzeko programa interesgarria delakoan nago; baina ez dut uste ikasleek erabiltzeko erraza denik, hainbat faktore hartu behar direlako kontuan: paisaia, pertsonaien keinuak, aurpegia, forma... dena aldatzeko aukera ematen du, beraz, ikasleentzat nahasgarria izan daiteke haiek askatasunez lan egiteko baldin bada. Hala ere, irakaslearen laguntzaz egiten baldin badute eta bikoteka antolatzen badira, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan erabili ahalko litzateke.
Komikiei ahotsa jarri eta bideoak sortzeko programa bat ere badela ikasi dugu, Xtranormal izenekoa. Haurrekin lan egiteko oso interesgarria izan daiteke, sormena eta irudimena lantzeaz aparte, idatzizko adierazmena eta ortografia lantzeko aukera ere ematen digulako.

Jarraian, ondorengo kontzeptuak ikasi ditugu: PLE (Personal Learning Environment), hau da, norberak duen ingurunea teknologia berrien inguruan, norberaren ikaskuntza gunea; LMS (Learning Management System), ikasteko plataformak, hain zuzen ere, moodle, e gela eta halakoak; eta MOOC (Massive Online Open Course) modu masiboan online egiten diren ikastaroak. Kontzeptu hauek oso erabiliak dira teknologia berrien munduan, beraz menperatzea oso garrantzitsua da.
PLE eta lehen aipatutako bideo moduan egindako komikien adibideak ikusteko honako orri hau erabili dugu:



Honekin lotuta, ikasleen behe mailako gaitasunaz hitz egiten aritu gara, hau da, ikastea, ulertzea eta aplikatzea, normalean guztiok menperatzen duguna; hala ere, goi mailako gaitasunak lortzea ezinbesteko ikusten dut, analizatzea, sortzea eta ebaluatzea, hain zuzen ere.

Aste honetako materia asko gustatu zait, izan ere, irakasle bezala erabili ahal izango ditugun hainbat baliabide eman dizkigu eta oso interesgarriak iruditu zaizkit guztiak. Aste produktiboa izan da oraingoa!!

2014(e)ko azaroaren 21(a), ostirala

Ezagutzetan sakonduz, gehiago ikasiz!

Iritsi da bosgarren astea!!!! Pixkanaka pixkanaka bagoaz gero eta ezagutza gehiago eskuratzen!

Astero legez, Saio teorikoan, bi aurkezpen izan ditugu. Talde biek hitz egin dute Horizonte Proiektuaz, baina alderdi ezberdinak azaldu dituzte lan bakoitzean.
Lehenengo taldekoek, hezkuntza arloan teknologia berriek hurrengo urteetan zehar izango duten inpaktua aztertu dute. Horri buruzko hausnarketa bat egiterakoan, esan beharra daukat, agian gaiaren zailtasun mailagatik, nahiko teknikoa iruditu zaidala, hau da, azalpenak ulertzea nahiko zaila egin zait, erabili dituzten kontzeptu asko ez nituelako ezagutzen.
Bigarren taldearen azalpena, aldiz, ulergarriagoa iruditu zait. Talde honetakoek, unibertsitatean teknologia berriek izan dezaketen eragina aztertu dute eta horren barruan zenbait azpigai azaldu dituzte. MOOC (online Ikastaro Ireki Masiboa) zer den azaldu dute; nik ez nuen aurretik ezagutzen, online egiten diren ikastaroak direla esan dute, hau da, ez duzula bertara joan behar, irekiak direla, matrikulatutako ikasleen kopurua mugagabea dela eta materiala erraz eta doan daukagula eskuragarri Interneten bidez. Oso ondo dago hauen berri izatea.
http://tabletarmy.com/wp-content/uploads/2014/07/tabletas1.jpg
Tabletak ere aipatu dituzte eta hauek hezkuntzan ekartzen dituzten abantailen berri izatea interesgarria iruditu zait: gelako giroa hobetzen dute, ikasleak motibatzen ditu, ikasle eta ikasleen arteko elkarrekintza bultzatzen dute, sormena garatzen laguntzen dute, gaien ulermena eta oroimen bisuala hobetzen dute. Honen guztiaren inguruan hausnartzea interesgarria iruditu zait, askotan honelako tresnek ikaslearen arreta galtzea eragiten dutela uste baitugu, baina zorionez, ez da hala.

Ludifikazioa ere aipatu dute, hau da, jokoen dinamika eta teknikak erabiltzea. Nire iritziz, honek ikasleak motibatzen ditu eta haien autonomia eta pertsonalitatea garatzen laguntzen du. Learning Analytics ikasleen ekintzarekin erlazionatuta dauden datuen analisia da, beraz irakasleentzat (ikasleak nola doazen eta zailtasunak non dituzten ikusteko) zein ikasleentzat erabilgarria dela uste dut. Teknologia eramangarriak zeintzuk diren ere azaldu digute, gailu bezala erabiltzen ditugun jantzi edo osagarriak hain zuzen ere; adibidez, Pulseras up (egindako jarduera fisikoa neurtzeko), kamiseta adimentsuak (erritmo kardiakoa, tenperatura eta arnasketa neurtzeko).

Azkenik, hiru dimentsioko inprimatzea bi taldeetan aipatu da, hau da, objektu tridimentsionalak software baten bidez inprimatzen dituen teknologia. Azken hau harrigarria iruditu zait, ez nuke inoiz pentsatuko hiru dimentsiotako objektuak inprimatzeko gai izango garenik, eta bideoan ikusi ahal izan dugunez horrela da.

Bestalde, aste honetako lehenengo saio praktikoan, Webquesta aztertzen aritu gara. Lehen Hezkuntzako ikasleekin erabiltzeko egokia delakoan nago, irakaskuntza eta eskolarako egina baitago. metodologia honek, gelan Interneten erabilera bultzatzen du, bertan bilatu beharko dutelarik ikasleek informazioa, baina irakasleak zuzenduta egingo dute. Beraz, kooperatiboa eta orientatzailea izango da. Honako atalak izan ohi ditu:
Blogaren egilearena
Honen helburua, ikasleak Interneten dabiltzanean galduta ez ibiltzea izango da; honela, irakasleak gidatzen dituenez, informazioaren erabilpen egokia egingo dute. Gainera, edozein gai lantzeko aukera ematen digute eta edozein mailatara egokitu daitezke, beraz, lehen esan bezala, eskolarako oso aproposa da.






Hemen daukazue Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleentzat egina dagoen Webquest bat, Natura irakasgaia lantzen duena: Uraren zikloa
Metodologia hau aztertzen ibili ondoren, alde positibo eta negatiboak dituela ohartu gara.
Blogaren egilearena
Honekin bukatuta, teknologia berriek gure gizartean ekarri dituzten aldaketez hitz egiten aritu gara eta eztabaida moduko bat sortu da. Irakasleak, bere ustez, hauek Haur Hezkuntzan erabiltzen hasi beharko liratekeela komentatu digu. Baina gutako gehienok ez gara horrekin ados agertu, haur txikiek ez dutela horrelakoen beharrik uste baitugu. Nire partetik, teknologia berriak haurrak idazten eta irakurtzen ikasten dutenetik aurrera soilik sartu beharko genituzke eskolan. Gainera, muga batekin eta egiten dutena kontrolatuz erabiltzea proposatuko nuke, haurrek adin horretan jolasekin jolastu eta lagunekin egotea beharrezkoagoa iruditzen baitzait pantaila aurrean egotea baino. Honez gain, era honetara txikitatik gailu horiekiko menpekotasuna izatea errazagoa izango litzatekeelakoan nago, ez baitaude horietan emango duten denbora neurtzeko adinean; beraz, ez litzateke batere onuragarria izango haientzat. Gerora ere denbora soberan izango dute horiekin ibiltzeko!!

Bigarren saio praktikoan, ordea, irakasleak Ardora lantzeko asmoa zeukan baina hainbat arazo izan ditugu unibertsitateko ordenagailuekin; beraz, ez dugu sartzea lortu. Hala ere, batez ere klase partikularrak edo ematen baditugu ikasleekin erabiltzeko oso ondo dago dagoela esan digu, ariketa asko agertzen baitira bertan. Etxeko ordenagailuan probatzeko eskatu digu baliagarria izango zaigula adieraziz.


Jarraian, Padlet mural bat egiteko aukera ematen duen programa erabiltzen hasi gara. Lehen Hezkuntzan erabiltzeko oso egokia iruditu zait, izenburuak eta argazkiak jartzea eta ordenatzea da eginbeharrekoa eta emaitza politak atera ditzakegu bertatik. Gainera, ez dauka inolako zailtasunik. Desabantaila bakarra online erara soilik gorde dezakegula izan daiteke, ez baitu murala den bezala argazki bezala deskargatzeko aukerarik ematen, hori egiterakoan atzealdea soilik agertzen da, beraz ez digu balio. 
Hona hemen guk programa honen bidez egindako murala: Natura. Lehen Hezkuntza.
Blogaren egilearena
Bukatu da gaurkoz astea! Datorren astera arte!

2014(e)ko azaroaren 15(a), larunbata

Aste interesgarria!

Saio teorikoan, bi aurkezpen entzun ditugu eta aurreko saioan egin bezala, gaur ere bukatutakoan taldeak ebaluatu behar izan ditugu. Magistralean taldeka aurkezpenak egitea teoria lantzeko modu interesgarria eta entretenigarria iruditzen zait. Beraz, hauei eta saio praktikoei esker, bagoaz pixkanaka pixkanaka gure ezagutza handitzen!!

Lehenengo aurkezpena IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia izenburuarekin aurkeztu dute haien lana. Hasteko, gure gizartearen honako ezaugarriak aipatu dituzte: materialista dela, globalizatua, informazio eta ezagutzaren gizartea dela, irudiaren gizartea eta gizarte digitala ere badela; hau da, teknologiak garrantzi handia duela gurean. Guztiz ados nago gure gizarteaz aipatutako ezaugarriekin eta teknologia guretzat ezinbestekoa dela uste dut, askok ez bailukete hura gabe bizitzen jakingo, bere faltask arazo handia suposatuko luke guretzat.
Gaur egun, eskola batzuetan IKTek arazoak sortu dituztela ere komentatu dute, irakasle batzuek ez dutelako nahikoa prestakuntza hauek erabiltzeko. Arazo hau, batez ere, adineko irakasleen artean ematen da; alde batetik, ulertzekoa da haiek orain arte ez dutelako honelako tresnarik erabili; baina, beste alde batetik, informazio eta ezagutzaren gizartean bizi direla onartu behar dute eta aldaketekiko malgutasuna erakutsi beharko lukete. Izan ere, ezagutzak eskuratzeko eta garapen pertsonala lortzeko tresna dira eta ikasleen talde lana sustatzeko, errealitatearekin bat egiteko, motibazioa edo aktibotasuna bultzatzeko, disziplinartekotasuna bultzatzeko eta gai ezberdinak lantzeko aukera ematen dute.
Ondoren, honako eskema hau ere azaldu dute eta Web 2.0ren inguruan sakondu dute.
Blogaren egilearena
Honi lotuta, aipatu beharreko beste puntu bat teknologia berriak erabiltzeak askatasun handia ematen digula da, agian gehiegi haurrentzat; horren aurrean, gurasoentzat batez ere, jarrera arduratsua izatea komenigarria litzateke.

Hurrengo aurkezpenak Interneta eta eskola izenburua zeukan. Honetan, egindako ikerketa batez hitz egin dute non gurasoek haien seme-alabak Interneta erabiltzearen beldurra zeukaten. Ez dut uste haurrek Interneta erabiltzeari beldurra izan behar zaionik, baina egia da gero eta gauza beldurgarriagoak entzuten direla haur pornografia, ezezagunekin hitzorduak izatea eta Interneten norbere datuak ematearekin lotuta. Beraz, horri aurre egin nahian komenigarria iruditu zait Safer Internet programaren berri izatea.
Talde honetako ikasleek ere, Web 2.0k hezkuntzan duen garrantzia aipatu dute eta nik ere puntu hori aipatzea ezinbesteko ikusten dut, dibertigarria delako, komunikazioa hobetzen duelako, ikasleen analisi eta kritika gaitasuna garatzen duelako eta ikasleen arteko erlazioa sendotzen duelako.

Gaurko aurkezpenak nahiko intersgarriak iruditu zaizkit; hala ere, Web 2.0rena talde biek errepikatu dutenez, zati hori nahiko nekagarria iruditu zait. Bestetik, hezkuntzan teknologia berriek ikasleengan eragin duten jarrera positiboa oso pozgarria iruditu zait, beti ere hauek neurrian erabiltzen badira. Bide beretik, gurasoak digitalizatzeko ideia interesgarria iruditzen zaidan arren, aurrera eramateko nahiko zaila izango delakoan nago, ez baitaude horiek erabiltzera ohituta.

Saio praktikoan gauza desberdinak landu ditugu aste honetan. Hasteko, APA arauei jarraituz, bibliografia arauak azaldu dizkigu. Asko eskertzen da azalpen hauek eman izana, izan ere, egiten ditugun lan guztietan egin behar izaten baitugu babliografia; orain arte nola egin ez genekien arren, gaur ondo ulertu dut. Lanekin lotuta, W
ord ere landu dugu pixkatxo bat; gehiena ezagutu eta erabiltzeko gai nintzen arren, markatzailea edo testuak ordenatzeko moduei buruz ez nekien ezer ere ez, beraz, oraindik aurrera lanak txukunago eta arinago egin ahal izango ditut teknika hauei esker.

Horrez gain, bilaketa lan bat egiterakoan informazioa gordetzeko nola antolatu (online erara) erakutsi zigun. Horretarako, Delicious, Diigo eta Connote programak daudela aipatu zigun. Deliciousen harpidetu eta linkak jarri genituen bai publikoan zein pribatuan, informazioa denen eskura jartzeko edo guretzat baliagarria dena edozein lekutatik eskura izan dezagun, online baitago. Erabiltzeko errraza dela eta oso baliagarria izango zaidalakoan nago, batez ere, unibertsitateko talde lanak egiterako orduan.


Aste honekin bukatzeko, bideo batzuk ikusi genituen bertako irudiak, soinuak, ahotsak... aztertzeko. Hasteko, ondorengo bideoa ikusi genuen.


Oso polita iruditu zitzaidan, autore bakoitzak esaten dituen hitzak, hau da, edukia, asko gustatu zitzaidalako. Hala ere, aztertu genuenean, nahiko txarto egina zegoela ohartu nintzen, izan ere, irudia eta soinua ez daude bateratuta eta horrek arreta galtzea eragiten digu. Askotan, musikak aldaketa eskatzen du baina irudia ez da aldatzen.
Beste hainbat bideo ere ikusi genituen horiek aztertzeko, Por cuatro esquinitas de nada izenburua zutenak, bai umeen ahotsarekin grabatuta zeudenak, ipuin moduan zeudenak...
Azkenik, hemen daukagun bideoa ikusi genuen. Umeen ahotsaren tonuarekin asko komunikatzen dela ikusten da eta musika bigarren plano batean dagoela. Gainera, oso ondo egina dago, irudia eta soinuak bat egiten baitute eta hitz egiten denari buruzko irudia agertzen baita uneoro.


Gaurko saioari esker, bideoan kontatzen dena irudien bidez ikustea eta musika istorioarekin bat joatea oso garrantzitsua dela ohartu naiz; beraz, bai modulu laneko zein musikako emanaldi artistikoko bideoa grabatzeko hau guztia kontuan izango dugu.

2014(e)ko azaroaren 1(a), larunbata

Bagoaz aurrerantza!

Saio teorikoa, nire iritziz, oso interesgarria izan da. Magistraleko orduak aurkezpenen bidez ematea ideia ona iruditzen zait baldin eta hauek aspergarriak ez badira eta gaia ondo azalduta badago, ulertzeko moduan.
Oraingo asteko aurkezpena Bost urteko haurrak mezu elektronikoak idazten programari buruzkoa izan da. Oso ondo azaldu dutela iruditu zait eta gai interesgarria izan delakoan nago. Aurkezpena entzun aurretik ez nuke pentsatuko bost urteko haurrak mezu elektronikoak idazteko ta ordenagailuan oinarrizko gauzak egiteko (piztu, itzali, ezabatu...) gai izango zirenik; baina hala da, Berritzeguneek proposatutako proiektu baten bidez lortu dute bost urteko ume hauek helburu horietara heltzea.
Argi dago Berritzeguneen helburua haurrek irakurketa eta idazketa prozesua teknologia berrien bidez lantzea dela. Alde batetik, haurrentzat motibagarria izan daiteke; baina teknologia berriak erabiltzeak arazoak ere ekar ditzake.
Blogaren egilearena
Saio praktikoan, umeek egiten dituzten ipuinak publikatzeko programa desberdinak aztertu ditugu (Calameo, Issuu eta Scribd). Hauek umeentzat oso motibagarriak direla uste dut, eskolan egiten dituzten ipuinak etxean erakutsi ditzaketelako ordenagailu bidez. Gainera, ipuinak egiteak taldeka zein banaka lan egiteko aukera ematen du. Bestetik, programa hauetan haurrek haien argazkiak edo haiek aukeratutakoak jar ditzakete eta horrek sormena bultzatzen du, ipuinak haien kontura asmatzeko aukera izango baitute. Oso interesgarria benetan haurrekin ipuinak egin eta publikatu ahal izateko!!
Klasean probatzeko, Storybird erabiliz ipuin bat egin dugu, hauxe izan da nik egindakoa: "Uxueren abentura mendian".

Bestetik, taldeka ura, komunikazioa, abiadura eta haizeari buruzko argazkiak ateratzera joateko eskatu zigun irakasleak. Bakoitzak bere argazkiak atera eta hurrengo saioan ikusi eta aztertu genituen (plano normala, pikatua eta kontrapikatua zen begiratu) eta argazkia nola hobetu ahalko litzatekeen komentatu genuen denon artean. Hau ere, ariketa interesgarria iruditu zait, alde batetik, gure ingurua aztertzeko aukera eman digulako; eta bestetik, argazkiak ateratzeko trukotxo batzuk ikasi ditugulako. Hona hemen adibide bat.

PLANO PIKATUA

https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEhKUzsc2TzuMnjkaCntW-KtVByThKQpuWvz4uNyUwOsB-XCqELhSfbq5uBd4cUDzhrQwgjV-VKVmfEq7wMeCSeey1ZUvjSkiqjZSeDzxjr_WL0B6FDz7IzrjQCQVoYG8yprpyDg33TXs1A/s1600/picado.JPG

RSS zer den ere ikasi dugu saio praktikoan. Honek, toki bateko helbidea hartu eta bertan harpidetzeko aukera ematen digu, besteen blogetan ere harpidetu gaitezke. Hau jakitea oso ondo dagoela iruditzen zait, gure blogetik zuzenean gustuko dugun aldizkariren batera, besteen blogetara... sartu ahal izango dugulako horietara harpidetzen bagara.

Apps portableak erabiltzen ere ikasi dugu, hauek eramangarriak diren aplikazioak dira, adibidez usb batean eraman ditzakezunak. Hauen artean, GIMP erabili dugu, argazkiak editatzeko balio duen programa. Proba bezala argazkiak mozten, tamainak aldatzen edo pisua kentzen ibili gara. Guk erabiltzeko nahiko erraza dela frogatu dugu, baina ez dut uste haurrek erabili dezaketenik, haientzako nahiko zaila dela uste dut.

Beste antzeko programa bat Fotoflexer dela ere azaldu digu, baina hau online erabiltzekoa da. Argazkiak editatzeko balio du honek ere eta hau haurrek erabiltzeko egokiagoa dela uste dut; baina beti ere irakasleak gidatuta erabili behar izango dute, inoren laguntzarik gabe oso zaila egingo baitzaie programa honekin aritzea.

2014(e)ko urriaren 26(a), igandea

Pausuz pausu, gero eta gehiago sakonduz!

Saio teorikoan Web 2.0 zer zen eta horrekin lotutako kontzeptuak aztertu genituen. Web 2.0 filosofia modu bat da sarean gauzak hartu eta produzitzeko.

Bi kontzepturen arteko ezberdintasuna azaldu zigun:                                                              
Blogaren egilearena
Hori kontuan izanez, Web 2.0 kolaboratiboa dela ulertu ahal izan genuen.
Gainerako kontzeptuak puntuz puntu azalduko ditut (guztiak daude Web 2.0rekin lotuta):
  • ESTANDARIZAZIOA: Softwarea askea da, eta gauzak gero eta konpatibleagoak edo berdinagoak dira bai forma aldetik, eduki aldetik… Weben artean ere estandarizazioa eman da, guztiak berdintsuak baitira.
  •  CSS (Cascada): Lehenengo eredua jarraitzea gainerakoetan ere. Hau da, hasieran letra mota edo formatu eredu konkretu bat jarri baduzu gainerakoetan ere formatu edo diseinu hori agertuko da.
  •  MIKROFORMATO: Eduki bereko gauzak zatitzea memoria gutxiago okupatzeko.
  •  BERNAHASKETA: Bideoak, audioak edo halakoak moztea, laburtzea eta gure beharrizanetara moldatzea izango litzateke.
  •   KONBERGENTZIA: Ahalik eta antzekotasun handiena izatea esan nahi du, hau da, guztiak berdintsuak izatea; eta hori da Web 2.0n gertatzen ari dena.
  •  RSS: Honek harpidetza egiteko aukera ematen du. Informazio digitala hartzeko harpidetu zaitezke honen bidez, eta behar duzuna bilatzen aritu beharrean haiek bidaltzen dizute informazioa.
  •   PARTE HARTZEA: Bakoitzak idazten edo egiten duena publikoarentzat da, eta alderantziz; horregatik esaten da parte hartzen dela. Denok zerbait gehituz sarea elikatzen dugu, norberak emanez eta gainerakoek ere emanez, hau da, denok parte hartuz.
  •   FOLKSONOMIA: Erabiltzaileak sortutako etiketa edo kategoria berriak dira gauzak sarean aurkitzeko erabiltzen direnak.
  •  WIKI: Edonork editatu dezakeen bloga da. Edonork jar dezake informazioa bertan, eta edonork idatz dezake; horregatik, ez da oso fidagarria izaten batzuetan.
  •   EKONOMIA: Guzti honen atzean ekonomia dagoela argi izan behar dugu.

Blogaren egilearena
  •  ARRISKU KAPITALA: Sortzen diren enpresa berriak, hasieran diru gutxirekin hasten dira; ospea lortzen dutenean, aldiz, burtsan… inbertitzen dute haien dirua galtzeko arriskuan jarriz.
  •   KLIK BAKOITZEKO KOSTUA: Web orrira sartzen den jende kopuruaren arabera diru gehiago edo gutxiago irabaziko dute enpresek.

Ondorioz, orokorrean, Web 2.0ri buruz komentatu behar dena zera da, erabiltzeko erraztasuna bilatzen du, sinplea izanez eta konfiantza emanez.
Web 2.0.ri buruz hitz egiten dugunean, datu base batetan oinarritzen den Interneteko zerbitzu edo tresnez ari gara, zerbitzuen erabiltzailearengandik aldatua izan daitekeelarik, bai bere edukien aldetik (aurretik dagoen informazioari informazioa gehituz, aldatuz edo ezabatuz edo metadatuak erlazionatuz) aurkezteko eran edo eduki eta moduan aldi batera. (Ribes, 2007).

Saio praktikoetan, Power Point bidezko aurkezpenak era egokian egiteko gako batzuk eta programa honi buruzko azalpen batzuk eman zizkigun.

Blogaren egilearena

Power Pointetan animazioak nola jartzen diren ere azaldu zigun, eta egia esan oso erraza da, efektuak aukeratu eta ordenatzea da gauza.

Gordetzeko era desberdinak daudela ere komentatu zigun.
__.pps eran gordez gero, ikasleentzat errazago izango da, lehenengo diapositiba zuzenean ikusiko dutelako.
Beste Power Point batetik soinuak edo argazkiak hartu daitezkeela ere erakutsi zigun, “Guardar como página web” eginez, karpeta batean aparte soinu eta argazki guztiak uzten dizkizulako. Baina gure Power Pointean soinuak nola sartu ere ikasi genuen, “grabar narración” eginez.
Honez guztiaz gain, "Zaindegi zerbitzua"z ere eman zizkigun azalpen batzuk, hau 48 orduz gure lanak edo bestelakoak uzteko tokia da. Karpetak ere igo ditzakegu bertara baina konprimitu egin behar ditugu, “zip” bezala jarri. Deskonprimitzea normalean automatikoki egiten du baina “Extraer”ekin ere egin dezakegu.
Ondoren, Blogarekin jarraitu genuen, oinarrizko osagai batzuk azalduz. Copyscape erabiltzeko proposatu zigun gure bloga plagioetatik babesteko. Horretarako “Page proteged by COPYSCAPE Do Not Copy” etiketa jarriko diogu gure blogari, diseinuan aukeratu dezakezun gadget batean. CreativeCommons zer den ere azaldu zigun blogean erabiltzeko. Lizentzia mota aukeratu dezakezu, Creative Commons ikonoa jarri gadgetetan eta zure lizentziaren nolakoa den –ematen dizuten kodea itsatsiz-.
Azkenik, Story bird  erabiltzen hasi ginen, ipuinak asmatzeko tresna erraz eta dibertigarria baita, haurrekin erabiltzeko oso ondo dago.


NIRE GOGOETA
Aste honetan zehar, saio magistralean hainbat kontzeptu berri ikasi ditugu; ziur nago gerora erabilgarriak izango direla, baina asko direnez eta orainarte ezagutzen ez nituenez, hauetako batzuk ikasteko eta ulertzeko zailak direla iruditu zait.
Saio praktikoa gehiago gustatu zait aste honetan ere. Alde batetik, Power Pointa egokitasunez erabiltzen ikasi dugu eta horretarako gako batzuk eman dizkigu irakasleak; horrez gain, programa honekin izan ditzakegun arazoak nola ekidin ere azaldu digu, oso interesgarria iruditu zait. 
Beste alde batetik, Story birda ere erabili dugu eta haurrekin erabiltzeko oso egokia delakoan nago; izan ere, haurrak tresna honekin ipuinak asmatu ditzakete eta beraientzat oso dibertigarria eta motibagarria izango litzatekeela uste dut.


2014(e)ko urriaren 21(a), asteartea

Irakasgai berria ezagutzen...

Lehenengo aste honetan, pixkanaka pixkanaka irakasgai berriari buruzko datu batzuk ezagutzen hasi gara!

Saio teorikoan gure gaur egungo sistema ekonomiko, politiko eta kulturala aztertu dugu aste honetan.

Blogaren egilearena

Ezagutzaren gizartean bizi garela azaldu zigun irakasleak, ezagutza baliabiderik garrantzitsuena dela. Gizarte hau ezagutza bat sortzeko, kudeatzeko, banatzeko eta kontsumitzeko modua da.

Hardware eta software zer ziren ere ezberdindu genuen. Hardwarea sistema informatiko baten atal fisikoa da; eta softwarea, aldiz, sistema informatiko batek funtziona dezan eta bere eginkizunak bete ditzan behar diren programa eta elementu ez-fisikoen multzoa da.

Azkenik, Social webari buruz zerbait aipatu zigun, bertan garrantzitsuena pertsonen arteko komunikazioa zela esanez, kasurako e-maila edo blogak.

Saio praktikoak, aurkezpenean aipatu bezala, ordenagailu gelan izaten ditugu.

Hasteko, Googlei buruz hitz egin genuen eta bilaketak errazago egin ahal izateko gako batzuk eman zizkigun. Horrez gain, Google Alertsak jartzen irakatsi zigun, nahi genuen gai edo hitz bat jarri eta horri buruzko informazioa korreora heltzeko.

Ondoren, bakoitzak bere bloga sortu zuen Bloggerren bidez. Gure gustoko diseinua jarri ostean, bideoak, PPTak, musika, argazkiak eta liburuak blogean nola jarri azaldu zigun eta horretan egon ginen.

Argazkiei buruz ere hitz egin genuen, kalitatea eta argazkiaren tamaina batera doazela aztertu genuen era honetara. Gainera, hauek editatzeko Picture Manager programa erabiltzen irakatsi zigun irakasleak.

NIRE GOGOETA

IKTko saio hauetan ikasitako kontzeptu eta ezagutza berriak oso baliagarriak iruditu zaizkit; izan ere, oinarrizkoak diren eta orain arte jakin ez ditudan hainbat gauza ikasi ditut.

Batez ere, praktikako saioa gustatu zait, magistralean kontzeptu batzuk ez nituelako ezagutzen eta pixka bat larritu naizelako. Praktikan, aldiz, Google Alertsak zer diren jakitea oso baliagarria iruditu zait informazio interesgarria jasotzeko.

Gainera, bakoitzak bere bloga sortzea motibagarria iruditzen zait, batez ere alde praktikoa lantzeko aukera ematen digulako eta etorkizunean, gure ikasleekin erabiltzeko funtsezkoa izango zaigulako.

2014(e)ko urriaren 17(a), ostirala

Aurkezpena

Kaixo lagunok!

Leioako Magusteritza Eskolako Lehen Hezkuntzako ikaslea naiz. Bigarren mailan nago, eta ikasturte honetan IKT irakasgaiari hasiera eman diogu. Arlo hau aurrera eramateko sortu dugu bloga, bertan astero ikasitakoari buruzko hausnarketa bat idatziko dugularik.

http://estaticos.20minutos.es/img/2008/09/17/869985.jpg

Aste bakoitzean saio teroiko bat eta bi saio praktiko izango ditugu, azken hauek ordenagailu gelan egingo dira; eta horiei buruzko nire ikuspuntua edo iritzia azalduko dizuet.

Beraz, besterik gabe, nire bloga zuentzat interesgarria izango delakoan agurtzen zaituztet!
Ondo izan!